Skip to content

Zerbitzuak

Ze nolako osteopatia praktikatzen dut?

“Osteopatia bakarra dago”; haztapen fin bat da nire tresna, bai diagnostiko, bai tratamendurako. Ez dut trust izeneko teknika edo manipulazio bat-batekoak egiten eta arnasketa-mugimendu primarioa (MRP) entzuteaz baliatzen naiz, gorputz osoan gertatzen den hedapen eta uzkurtze mugimendua, modu erritmiko, automatiko eta inkontzientean.

ZER DA OSTEOPATIA?

Osteopatia, lesioa (osteopatikoa) ikertzen duen zientzia medikoa da eta bizitzari lotutako “mugimendu” horren galeraren arrazoia bilatzen du. Jatorria tratatzen du, eta ez sintoma, gorputzari bere osasuna berreskuratzeko aukera emango dion oreka anatomiko eta fisiologikoa berrezartzea bilatuz, honako printzipio hauetan oinarrituta:

Hipokratesek esaten zuen: “gorputza osotasun harmonikoa da”. Gorputz-egiturak elkarren mendekoak dira, ingurunearekin erlazionatzen dira eta ingurunearekin erreakzionatzen dute. Hori dela eta, haien jatorrian edo kausan eraginik izanez gero, eragina izango du gorputz osoan.

Orbaintzea bezalako prozesu biologiko batean gertatzen den bezala, gorputzak bere burua erregulatzeko eta minetatik urruntzeko dinamika aurkitzeko gaitasuna du. Oreka hori mantentzen den bitartean, gorputzak bere baliabide eta alarma-sistema propioak ditu bere burua defendatzeko eta gaixotasuna gainditzeko. Autosendatze-sistema etengabeko mugimenduan dago homeostasiaren bila. Nire rola gaitasun hori estimulatzean datza, hain zuzen ere, balizko lesioa zuzentzeko euste-puntu bat emanez eta, horrela, naturari berari esku hartzen utziz.

Egitura eta funtzioa elkarren artean gobernatzen dira. Egitura batek ongi mugitzen denean mugimendu askea du eta ondorioz gorputz-sistemen funtzionamendua zuzena izango da (muskulu-eskeletikoa, arnasketakoa, baskularra, digestiokoa…). Mugimendu ezak forma aldatuko du, eta horrek, aldi berean, funtzioan nabarituko da; hau da, artikulazio-mailako blokeoak eragina izango du erraietako funtzioetan, funtzio organikoetan, lokomotoreetan edo funtzio sentsitiboetan. Helburua, beraz, mugikortasun normala berreskuratzea izango da.

ZER TRATATZEN DU OSTEOPATIAK ETA NORENTZAT?

Osteopatiaren ikuspegi globalak zirkulazio-sistemetako, muskulu-eskeletikoko, digestio-sistemako, arnas sistemako, nerbio-sistemako, gernu-sistemako eta ugaltze-aparatuko gaitzak tratatzeko ahalbidetzen du, besteak beste.

Adin guztietako pertsonentzat da egokia, haurtxoentzat eta adinekoentzat, baita haurdun dauden emakumeentzat ere.

Jaiotzatik bertatik “lesio osteopatikoak” ikus ditzakegu jaioberrian (erditze zaila, forzeps-a…), gehienak diagnostiko-bide arrunten bidez detektatu ezin direnak. Lesio horiek lokalizatuz eta garaiz tratatuz etorkizunean hainbat motatako osasun-arazoak agertzea saihestuko da. Beraz, prebentzio-medikuntza ere bada.

Tratamendu mota horren abantailak askotarikoak dira. Terapia minik gabea, orekatzailea, lasaigarria, prebentiboa eta globala da, eta ez du lesiorik eragiteko arriskurik. Gainera, denboran bereiztutako sesio gutxi behar dira emaitzak lortzeko.

NOLAKOA DA OSTEOPATIA SAIO BAT?

Osteopatia saio batek 1 ordu inguru irauten du eta atal ezberdinak ditu diagnostiko zehatz bat lortzeko helburuarekin. Lehenik, pazientearen historia klinikoaren bidez. Gero, ohatilean behatuz eta hautemanez, egitura/funtzioa erlazioa non dagoen aldatuta argitu ahal izango dugu. Anatomia-fisiologiatik arrazoituz, diagnostiko eta tratamendu pertsonalizatua egingo da, zuzenketa egiteko eta oreka berrezartzeko.